XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Produkzio hura beraien esku zegoenez, eremu formala erdaldun bilakatu zen, euskara eremu informaletara (etxea, lagunartea, auzoa...) mugatuz. Ondoren eskolumeen derrigorrezko eskolaratzea etorri zen, irakaskuntza hori gaztelera hutsez ematen zelarik.

Lurralde linguistikoak errespetatzen ez zituen estatu politikoak ekarritako zerbitzu militarrak eta inmigrazioak erabat aldatu zuten euskararen egoera, eta frankismoak eta azkeneko inmigrazio masiboak areagotu egin zuten egoera hau.

Lurralde linguistiko bat osatzetik estatu politiko baten barruan egotera pasatzean, estatuko hizkuntza bilakatu zen ofizial (euskaraz egitea ere zigortua egoteraino) eta etorkinak, industrializazioa zela eta lan bila etorritako estatuko hiritarrak izaki, irakasleak, medikuak e.a., bertako hizkuntza naturala asimilatu beharrean, beraienarekin kokatu ziren berton arazorik gabe: boterea erdaldunduta eta, estatuaren eraginez administrazioa eta irakaskuntza erdaldunduta, ez zen kasik euskal elebakarrik geratu, elebidun egin ziren, bertakoek kanpoko hizkuntza asimilatuz; bitartean, etorritako erdal elebakarrak, erdal elebakar jarraitzen zuten: harremanetan jartzerakoan batzuek bi hizkuntzak zekizkiten; besteek, berriz, erdara besterik ez.

Ondorioz, erdara bilakatu zen harreman hizkuntza, hau da, erdara funtzio formaletara ez ezik, funtzio informaletara ere hedatu zen, pixkanaka-pixkanaka euskara ordezkatuz eta egoera ez normal hori normaltzat jotzera iritsi arte.

Baina Euskal Herria beti izan da aberatsa gizarte mugimenduei dagokienez eta gizarte ekimen horregatik sortu ziren orain dela zenbait urte ikastola eta gau eskola pribatuak bai haur zein helduak euskaraz hezi eta egoera ez normal hari aurre egiteko.

Paregabea izan da geroztik, haien lana; baita azken urteotan euskal ereduan murgildu izan diren eskola publikoena ere. Ezagutza mailan jaso den konpetentzia hori, ordea, gaur egungo gazteek jada badutena, ez da oraindik erabileran isladatzen, dagoeneko kale eta hurbileko esparru informal horietan erdaraz aritzeko (gure kasuan gaztelaniaz aritzeko) inertzia handia baita, hots, hiztunak normalean erabiltzen duen hizkuntza, gaztelera, erabiltzen jarraitzen du, ez du hizkuntzaz aldatzen, kanpoko eragin garrantzitsu batek eragiten ez dion bitartean edota aldatzeko motibazio sendoa ez duen bitartean.

Testuinguru honetan kokatuko genuke instituzioetatik euskararen normalizazioari begira egiten den hizkuntz politika zein hiztunek berek ematen dituzten urratsak (euskalduntzea, alfabetatzea edota euskara erabiltzea).

Bestalde hizkuntzaren ordezkapena boteretik hasten bada ere, berreskurapena norbanakoarengandik hasi (identitatea) eta gorantza planteatzen dugu guk (Fishman, 1991).